XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ardura gutxi guri pantailaratzen zutena; berdin maite genituen Fred Astaire eta Ginger Rogersenak, Mickey saguarenak edo Alemaniako UFA etxekoak.

Halaxe pasatzen zitzaidan bizitza.

Bateko, nire buruari ukatu gura nion baina, behin eta berriro, atzera harrapatzen ninduen desira aitaezinarekin gatazka bizian.

Eta besteko, obsesio gaiztotik ihesi, antzokiko iluntasunean idoro nuen aterpeko munduan.

Horretan, apenas nabaritu nuen aldaketarik gerraren etorrerarekin.

Alegiazko mundu batean Hollywoodeko izarrez aparte neu biztanle bakarra zuen munduan bizi nintzelako beharbada.

Dena den, erreala ei zen munduan ere ez zen aldaketa handirik antzeman.

Gerrak berak ere ezin izan zuen arrakalatu egun tamalgarri batean jaio nintzen hiritxoaren bizimodu betibera.

Begiratu batean behintzat, Dato kalean gora eta behera paseatzen zirenentzat denak jarraitzen zuen berdintsu.

Baita hoteleko te-saloira arratsaldero biltzen zirenentzat ere; huts barik etortzen segitu zuten.

Eurengan antzeman nuen mudantza bakarra jantziena izan zen: feltrozko kapelak etxean utzi eta txapela gorria kaskoratu zuten gerra hasteaz batera; alkandora arreaz gehienak, urdinaz zenbait, larruzko bota beltz zein gerriko eta uhal distirantez denak, ibilera harroaz batetik bestera.

Hantxe iharduten zuten nire aurrean, frontetik zetozen albisteak astintzen, gorrien basakeriekin ernegatzen, haiek egiten ei zituzten sakrilejio eta bekatu beltzak errepikatzen, Europako demokraziak madarikatzen.

Putakume horiek ematen dieten laguntzagatik ez balitz...!.

Baietz beti nik, gogoa neurea baino ez zen beste gerra batean neukala.

Hura bai zela gerra, benetakoa.

Ez eurek egiten zutena, kafe kikara esku batean, (...)